Bertsolariak hitza du lanabes, eta, gaia entzutearekin batera, errima-sortak, irudiak eta hitz-familiak datozkio burura. Aukeraketa-lana irudikatzen saiatuko dira Amets Arzallus eta Alaia Martinekin.
Baina bertsolaritzak baditu beste hainbat adar. Bertsolaritzak lortu du molde klasikotik belaunaldi berrietara salto egitea, eta garai berrietara moldatzea eta, beraz, hedatzea. Transmisioaz arituko dira, nola gertatu den: etxean, bertsolari-familietan, bertso-eskoletan... Bertsoak, hortaz, lortu du egungo mundu-ikuskera kontatzeko, zabaltzeko tresna izatea. Bertsotan dabiltzan askok eta askok komunikazioa dute bizibide, eta bertsoa komunikaziorako beste tresna bat da, irudia, gidoigintza eta marrazkilaritza izan litezkeen modura.