Filmak 1840ko hamarkadako Europako giro iraultzailea dakar gogora, nazioarteko mugimendu sozialistaren jatorria, Liga Komunistaren agerpena eta bere sorrerako dokumentua, Manifestu Komunista, kontatzen baititu. Baina, batez ere, filma adiskidetasun baten istorioa da, haien bizitzan zehar Karl Marx eta Friedrich Engels elkartu zituena.
1844. Karl Marxek 26 urte ditu eta Jenny emaztearekin erbesteratuta bizi da Parisen. Zorrak ohikoak dira bere bizitzan, baita bere antsietate existentzial ugariak ere. Fabrika bateko jabe gaztea, Friedrich Engels, ezagutzen duenean, dandy arrunta dela irudituko zaio. Engelsek, ordea, langileria ingelesaren pobretzeari buruzko ikerketa argitaratu berri du, eta aspaldi aldendu da bere klase sozialetik. Bi gizonek laster adiskidetasun sendoa eratuko dute eta bata bestearengan inspiratuko dira, iristear zegoela uste zuten iraultza proletarioaren fundazio teorikoa eraikitzeko. Haien helburua ez da mundua interpretatzea, aldatzea baizik.