«Jendeak gustuko nau arauak hausten ditudalako». Donald Trumpen esaldi bat izan liteke, baina Roadkill telesaileko protagonistaren adierazpena da. Ez dabil, ordea, Etxe Zuriko agintaritik horren urrun. House telesailean egin zen ezagun Hugh Laurie aktorea, eta oraingoan Erresuma Batuko Gobernuko ministro baten rola jokatu du.
Animalia politikoa da. Edo, hobeto esanda, piztia mediatikoa. Argi utziko du lehen eszenan bertan: gustura dabil hitzen jokalekuan, mikrofono eta kamera artean. Epaitegitik irten eta berehala emango die mezu biribila hedabideei, diskurtsoaren xehetasun bakoitza azkeneraino zainduta. Izan ere, eskandalu bat da telesailaren abiapuntua.
Sexu harremanak eta desleialtasuna dira kontakizunaren gatza eta piperra. Ogi-mamia, berriz, thriller politikoa. Downing Street eta Westminster artean igarotzen ditu telesailak minutu asko, eta britainiarren fikzioan arrasto sakona utzi duten erreferentziazko lanak ekar ditzake gogora. Esaterako, House of Cards, Yes Minister, The Thick of It eta The Crown.