Zazpi Erresuma dituen Erdi Aroko fikziozko mundu batean gertatzen den istorioa kontatzen digu telesailak. Hainbat urte iraun duen uda luze baten ondoren, negu beldurgarria hurbiltzen ari da Zazpi Erresumetara. Lord Eddard 'Ned' Stark, Negualdeko jauna, bere domeinuak utzi eta Robert Baratheon erregearen gortera joango da, Zazpi Erresumetako hiriburua den Erregearen Lehorreratzera. Stark Erregearen Esku bihurtuko da, eta bere bizitza eta inguruko guztiena arriskuan jarriko duten egoera korapilatsuei aurre egiten saiatu beharko du. Bien bitartean, Zazpi Erresumetako hainbat fakzio konspiratzen ariko dira helburu bakar batekin: Burdinazko Tronua bereganatzea.