Urak aske dokumentalak naturarekin dugun harremanari buruz hausnartzen du, eta etorkizunean biodibertsitatea izaten segitzeko zer bide egin behar genukeen irudikatzen du. Bi urtegi handi husteko eta haien presak kentzeko egindako urratsak azalduko dizkigu; Vezins Normandian (Frantziako Estatua) bata eta bestea Artikutza Euskal Herrian.
Vezins eta Artikutza 800 kilometrok banatzen dituzte. Hango eta hemengo lanak aldi berean egin dira, baina ez modu berean. Lehenengoan, hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondoren, Sélune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute. Bigarrenean, natura poliki-poliki leheneratu da, nahiz eta 42 metro altu den hormak zutik jarraitzen duen. Mundu osoko ikertzaileen interesa piztu dute biek ala biek.